Eta hau, zer arraio da? Galde egingo diozu zeure kolkoari. Bada orri hau ez da zerbait saltzeko sistema berria, ez da arropa edo telebista moderno horietako bat diru truke eskaintzeko, ez da ganbarako gazta jan nahi digun beste zerbait. Baina orduan, zer da bada SUSTRAIAK?
Begira: bagara kezka bera dugun hainbat zizurkildar. Denok oso herrikoiak gara, bai noski; ZIZURKIL maite dugu… baina ez dakigu gauza handirik bere iraganari buruz, bere hizkuntzaren jatorriaz, bere ohituren nondik‐norakoak. Eta hori guztia zertxobait ezagutzeko, hala moduzko zirrara eta grina sartu zaigu taldetxo bati.
“Bueno, aizue: nahikoa dugu! Historia, Kultura… Eskolan ere ikasten genituen horrelakoak maistra xaharrarekin. Eta nola aspertzen ginen! Buruz ikasi behar izaten genituen erregeen izenak eta data zerrenda luzeak! Nazka ematen zuen horrelakoak ikasteak eta oraindik ere kristoren paketea zioat historiari! Eta utzi ni bakean, hi!
Baina, era berean, halako bihotzondoko txiki bat izaten dugu Donemiliagatarren (San Millan) zerbait irakurtzea tokatzen zaigunean. Edo Zubimuxu, edo Karidadeko Benta, edo Otaño zaharraren bertso eta pasadizoekin topo egiten dugunean. Eta lauburua, geure ikurriña… aizue: nondik ote datozte?
Hemendik aurrera, gure berri izango duzue zeuon etxeetan. Honekin batera doakizuen bezalako orritxoak jasoko dituzue bi hilabetez behin. Gordetzen joan zaitezte guztiak eta bildumatxoa egin dezakezue beraiekin. Agian bati baino gehiagori horrelakoak irakurtzeko gogoa sortaraziko diogu, pixka bat bederen. Behar bada, nolakoak izan ginen jakiteak nolakoak izan nahi dugun hausnartzen lagunduko digu. Baliteke, ezta? Zer iruditzen zaizu? Mereziko du orritxo hauek irakurtzeak. Ikusiko duzu baietz!
Teodoro Hernandorena Kultur Elkartea. (Zizurkil)
08ko Irailean
0 Zenbakia. (PDF, 198 Kb.)
08ko Azaroan
1 Zenbakia. (PDF, 181 Kb.)
Zenbakiak jaisteko
Harremanetan jarri - Erabilerraztasuna - © Zizurkilgo Udala.